EKAIA Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Aldizkaria, 35, p. 143-163, 2019
DOI: 10.1387/ekaia.19684
Nanoteknologiaren erabilpena funtsezko erreminta bilakatu da aplikazio askoren garapenean, eta elikagaien sektorea ez da alde batera geratu. Modu horretan, nanoelikagaien garapenak osasuntsuagoak, erresistenteagoak eta iraupen luzeagoa duten elikagaiz gozatzea ahalbidetuko duela uste da. Lan honetan, nanoteknologia elikadura sektorean ezartzeak eragindako aurrerapen nagusiak aurkezten dira eta, bereziki, honako hiru arlo hauetan jarri da arreta: nano-aberastutako elikagaiak, elikagai biltegiratzeko diseinu berriak eta nanosentsoreak. Amaitzeko, elikadura industrian nanoteknologiaren erabilpenak eragindako eztabaida aztertuko da; abantaila asko ekar ditzakeen arren, egun gizartearengan beldurra eta kezkak eragiten baititu.